Running herrikoia.
Eta triatloia, mendia, igeriketa, ...

Javier Barrera, Donostiarrak taldeko kide eta B/SS lasterketako Osasun Aholku Batzordeko kide moduan, Zeinu eta Sintomen galdetegiari dagokion dokumentuaren lotura bidali digu. Bertan milaka lasterkariren azterketa egin da.

Dokumentuaren irakurketa gomendatzen dizuegu.

Kirolariak dira gizarteko pertsona osasuntsuenak, eta kirolik egiten ez duten adin bereko pertsonek baino arrisku gutxiago dute gaixotasun kardiobaskularrak, zenbait minbizi, diabetesa eta dementzia izateko. Horren arrazoia da ariketa fisikoa maiz egiteak nabarmen murrizten duela hainbat gaixotasun pairatzeko arriskua, esaterako, miokardio-infartua, bularreko angina, bihotz-gutxiegitasuna, istripu zerebrobaskularrak, hipertentsio arteriala, obesitatea, II motako diabetesa, osteoporosia, artrosia, artritis erreumatoidea, hainbat minbizi-mota, depresioa, dementzia, fibromialgia eta adinekoen mendekotasuna.

Ariketa fisikoa, gainera, oso tresna ona da, batzuetan onena, gaixotasun horiek diagnostikatzen direnean tratatzeko. Hori dela eta, elkarte zientifiko askok eta erakunde publikoek ariketa fisikoa egitea gomendatzen diete eta horretara bultzatzen dituzte herritarrak, adin-tarte guztietan.

Ariketa fisikoa egitearen onurak arriskuak baino askoz gehiago diren arren, gerta liteke, oso gutxitan bada ere, kirolari batzuek arazo kardiakoren bat izatea edo, kirola egiten ari direla edo kirola egin ondorengo ordubetean, bat-batean eta ustekabean hiltzea ere. Bat-bateko heriotza horietako gehienak bihotzeko arazoen ondorioz gertatzen dira, eta ohikoagoak izaten dira astean 3 egun baino gutxiagotan entrenatzen direnen artean maizago entrenatzen direnen artean baino. Bat-bateko heriotza horiek lehiaketa-kirolarietan gertatzeko arriskua oso txikia da, eta duela urte batzuetatik hona, lehiaketa batean bat-bateko heriotza izateko arrisku handiena duten pertsonak detektatu eta tratatzeko modurik egokiena eta eraginkorrena zein den ari dira aztertzen.

Gaur egun eztabaida handia dago gai horren inguruan nazioarteko elkarte zientifiko ospetsuen artean (Prebentzio eta Errehabilitazio Kardiobaskularraren Europako Elkartea: EACPR; Amerikako Bihotz Elkartea: AHA; Amerikako Kardiologi Elkargoa: ACC; Amerikako Kirol Medikuntza Elkargoa: ACSM), ondorengo gaiei buruz esaterako: lehiaketako kirolarietan bat-bateko heriotzak duen benetako intzidentzia pertsona sedentarioekin alderatuta; lehiaketa-kirola egin aurretik osasun-azterketa egiteko edo ez egiteko komenigarritasuna; egin beharreko balorazio edo osasun-azterketa mota; azterketaren kostu/onura erlazioa; positibo faltsuen ondorio kaltegarriak (okerreko mediku-diagnostiko baten ondorioz kirolari bat bere kirol gogokoena ez egitera behartzen denean, egin lezakeen arren); edo arazo hori detektatu eta prebenitzeko baliabide publikoak erabiltzearen lehentasuna. Eztabaida horrek adierazten du denak ez datozela bat bat-bateko heriotza horiek detektatzeko modurik onenaren, praktikoenaren eta eraginkorrenaren inguruan. Adibidez, Europako Kardiologia Elkartearen aldizkarian (European Heart Journal) berriki argitaratu den lan batean aztertu da Parisko eskualdean 2006tik 2012ra bitartean egindako herri-lasterketetan (512.000 kirolari) gertatutako istripu larrien kopurua eta mota. Lasterketa horietan osasun-ziurtagiria eskatzen da parte hartu ahal izateko. Azterketaren emaitzek erakutsi zuten lasterketa horietan izandako gertakari edo gaixotasun larrien kopurua ez zela izan parte hartu ahal izateko osasun-ziurtagiririk eskatzen ez duten herri-lasterketetakoa baino txikiagoa.

Alderdi guztietan bat ez datozen arren, lehen aipatu diren Elkarte Zientifikoen iritziak kontutan izanda, ariketa egiten ari direnean bihotz-istripuren bat edo bat-bateko heriotza izateko arriskua duten kirolariak detektatzeko lehen prebentzio neurri azkar eta erabil erreza, zeinu eta sintoma susmagarrien galdetegi bati erantzutea dela. Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileek parte-hartzaile guztiei gomendatzen diete izena eman aurretik zeinu eta sintomen galdetegi bati erantzutea litzateke. Galdetegia Behobia-Donostia lasterketako Osasun Aholku Batzordeak prestatu du lehen aipaturiko elkarte zientifikoek emandako gomendioetan oinarrituta. Galdetegia “BAI/EZ” erantzunekin bete behar du edozein kirolarik medikuarengana joan gabe. Amerikako Kirol Medikuntza Elkargoak (ACSM) dio edonork har dezakeela parte lehiaketetan azken hiru hilabeteetan entrenatu bada, astean gutxienez hiru aldiz, egunean 30 minutuz, intentsitate ertain edo altuan, eta galdetegiko galdera guztiei “EZ” erantzun badie. Bestalde, zeinu eta sintomen galdetegian (3tik 13rako galderak) “BAI” bat edo gehiago erantzun badu, elkarte zientifiko guztiek gomendatzen dute kirol-medikuarengana edo kardiologoarengana joatea osasun-azterketa egitera. Galdetegian adierazitako zeinu eta sintomak kontuan hartu behar dira lasterketan ere eta, azaltzen badira, gelditzea eta mediku batengana jotzea gomendatzen da.

Galdetegia borondatezkoa, anonimoa eta pertsonala da; izena emateko unean bete bada soilik erregistratuko da fitxan, baina parte-hartzailea bere erantzunekin erlazionatu gabe. Edozein arrazoi dela medio izena emateko unean ezin izan bada bete, webgunearen bidez aurrerago betetzea gomendatzen dugu.

B/SS-KO OSASUN AHOLKU BATZORDEA

Javier Barrera (Mediku errehabilitatzailea, Osakidetza, eta korrikalari esperientziaduna -19 BSS eta 24 maratoi-), Esteban Gorostiaga (Kirol-medikua, CEIMD-eko zuzendaria-Nafarroako Gobernua-); Xabier Valencia (Mediku errehabilitatzailea, Osakidetza); Zigor Madaria (Kardiologoa, Osakidetza eta IMQ), Felix Zubia (Mediku Intentsibista, Osakidetza eta Gurutze Gorria -BSSko korrikalarien helmugako osasun-zaintzaren arduraduna 2002az geroztik-), José I Emparanza (Epidemiologo Klinikoa, Osakidetza)

Azpimarratuak

Saioaren hasiera

Donostiarrak Twitter-en